Plural hurbila

 Deklinabide-kasu gehienek plurala adierazteko, kasu-marka bat daukate . Hala ere, bada beste forma bat plural hurbila deritzona. Forma hau hurbiltasun fisikoa, psikikoa edo denbora aldetikoa adierazteko erabiltzen da. Maiz, hiztunak plural hurbila erabiltzen duenean, bere burua sartzen du adierazten ari den taldean. Adibidez:

LangileEN egoera oso larria da.

LangileON egoera oso larria da. (gu, langileok)


Lehenengo adibidean, hizlaria ez da langilea; bigarrenean,berriz, hizlaria langilea dugu edo langileekin identifikatzen da nolabait. Plural hurbilari dagokion kasu-marka lortzeko, nahikoa da pluraleko kasu-markaren lehen bokalaren ordez, «O» bat jartzea. Adibidez:

guztiAK - guztiOK mutilEKIN - mutilOKIN

ikasleEK - ikasleOK emakumeEI - emakumeOI

etxeETAN - etxeOTAN egunETARA - egunOTARA


Hona hemen beste zenbait adibide:

Guk, ikasleOK, antolatu genuen dena.

Mikel eta biOK joan egin ginen, oso berandu zen eta.

EurOK jakingo dute zer egiten duten.

EmakumeOKjasan behar duguna!

Bazkideak zaretenOK lehentasuna daukazue.

Dirudienez, gazteONTZAT ez dago lanik.

Zer dakizu Begoz? Azken egunOTAN ez dut ikusi.

GuztiON artean hobeto eta arinago egingo dugu.

Zaude lasai mutil, biON artean laster batean bukatuko dugu lana.

Ikasle ohiak zaretenOK duzue matrikulatzeko lehentasuna.

EuskaldunOK bitxi samarrak gara.

EmakumeOk, aldarrika ditzagun dagozkigun eskubideak!.

Azken egunOTAN astakeria galantak entzun behar izan ditugu.

Norentzat dira mahaiOK?

Erakusleen baliokidea

Zenbaitetan, forma hau erakusleen baliokidea izan daiteke. Hona hemen zenbait adibide:

Zuzendu honako esaldiOK (honako esaldi HAUEK).

AdibideOTAN (adibide hauetan) ikusten denez…

EtxeOK politak dira (honako etxe hauek)




Singular hurbila

Plural hurbila ez ezik, singular hurbila ere badago, baina forma hau ia-ia ez da erabiltzen, esapide ihartu bakan batzuetan izan ezik. Hona hemen zenbait adibide:

ARESTION (duela gutxi) aipatu dugunez...

Egia esan, ASPALDION ez naiz etxean agertu.

Gaur GOIZEON jakin dut: orain dela gutxi.

Hementxe BERTON, harri horren ondoan aurkitu nituen.

Ez naiz BERTOKOA, baina duela urte asko bizi naiz hemen.


Plural hurbila eta erreferentzia kataforikoak.

 Zalantza sor daiteke zein artikulu (-o- ala -e-) ote den egokiagoa honako erakuslea erabiliz gero, adibide hauen gisakoetan: honako erabakiEkin / honako erabakiOkin / honako erabaki hauekin.

Lehenengo adibidea zuzena bada ere, bigarrenaren eta hirugarrenaren alde egiten dute estilo-liburuek: honako erabaki hauekin / honako erabakiokin.

 

ZUONTZAT GUZTIONTZAT (*ZUEN GUZTIONTZAT). 

Horrelako egituretan biak deklinatu behar dira, plural hurbila ere jarririk. 

*Zuen guztiontzat ekarri dut / Zuontzat guztiontzat ekarri dut.


X eta biok

Perpausean lehen pertsona singularrarekin (ni-rekin) edo bigarren pertsona singularrarekin (hi edo zu-rekin) beste norbait ere agertzen bada, … eta ni edo … eta zu esan beharrean … eta biok edota … hirurok esaten dugu. Hori izan da beti modu naturalenik euskaraz: 

Zu eta ni joango garaZu eta biok joango gara

Edurne eta ni iritsi ginenEdurne eta biok iritsi ginen 

Joxe eta hi etorriko zareteJoxe eta biok etorriko zarete 

Andoni, zu eta ni ibiliko garaAndoni, zu eta hirurok ibiliko gara.

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (82, 240, 407, 421).

—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (468, 512).

— “Lexikoa: honako (honako erabakiekin / honako erabakiokin / honako erabaki hauekin)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Hurbiltasuna adieraztea: -ok (etxeok politak dira)”, Jagonet galde-erantzunak





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina