ALFERRIKAKO ERLATIBOA

Askotan, berba egiten dugunean erlatibozko esaldiak erabiltzen ditugu barra-barra, haietako batzuk zuzenak dira; beste batzuk, berriz, kalko okerrak. Askotan pentsatzen dugu zenbat eta esaldi luzeagoak ekoiztu, orduan eta hobeto egiten dugula, gure euskara aberatsagoa dela, baina usteak erdi ustel! 
Egia da, gaztelaniazko esaldi luzeak euskarara itzultzea gatza da, horregatik euskaraz pentsatzen ohitu behar duzue. Ikus ditzagun adibide batzuk!
    * Esan nahi duena da astebeteko epea daukagula matrikula egiteko.
    Matrikula egiteko astebeteko epea daukagula esan nahi du

    * Hori da gazteak  kezkatzen dituena
    Horrek kezkatzen ditu gazteak

  • Beste aukera bat izenlagunak erabiltzea da, -EN eta -KO.
    * Bilbon bizi den neska oso jatorra da
    Bilboko neska oso jatorra da

  • Galderetan ere askotan erlatibora jotzen dugu beste bide batzuk  jorratu gabe.
    * Zein da etxetik euskaltegira dagoen distantzia?
    Zein distantzia dago etxetik euskaltegira?

  • Askotan adjektiboak baztertzen ditugu, baina oso egokiak izan daitezke alferrikako erlatibo bat ekiditeko.
    * Gela honetan badaude ikasle batzuk oso berbatiak direnak
    Gela honetan ikasle batzuk oso berbatiak dira

HIPOTETIKOAREN ERABILERA OKERRA

Aditzek ematen diguten beste buruhauste bat aditz aspektuarena da, batez ere ondorio hipotetikoen erabilera okerra euskara mintzatuan, eta hori idatzian islatzen da. Nork ez du inoiz entzun/esan eskatuko bazenit, zurekin joango nintzen bezalako esaldia?Kalean oso ohikoa da aditzaren iragana ondorio hipotetikoa adierazteko,baina gogoratu behar dugu, forma hori bakarrik dela zuzena ondorio hipotetikoa iraganean oinarrituta badago, adibidez, eskatu izan bazenit, zurekin joango nintzen /nintzatekeen.
         * Ondo egongo zen idazlana egin behar ez bagenu. 
           Ondo egongo litzateke/legoke idazlana egin behar ez bagenu

KE-Z AMAITZEN DIREN ADITZAK

Oso akats ohikoa izaten da -KE-z amaitzen diren aditzak txarto deklinaturik ikustea. 
Lehenengo eta behin, zeintzuk dira -KE-z amaitze diren aditzak?
  • Ahalera: dezake, daiteke, nezake, liteke…
  • Baldintza hipotetikoak: nintzateke, luke, legoke…
Akatsa izaten da gauza bat kontuan ez hartzea:ADITZA DEKLINABIDE MARKA BAT HARTZEN DUENEAN, AMAIERAKO -E  BIKOIZTU BEHAR DA!
        Daiteke + -(e)la → DaitekEEla (*daitekela)
        Dezake + (e)nean → DezakEEnean (*dezakenean)
        Nintzateke + -( e)nez → NintzatekEEnez (*nintzatekenez)
        Luke - -(e)lako → LukEElako (*lukelako)

INTERNET

Internet,  tresna miragarri hori, aldi berean bizitza erraztu eta konplikatzen diguna. Guztiok dakigu erabiltzen baina oso gutxik daki deklinatzen. Argi dago hitz berria dela, mailegu bat, eta batzuetan ez dakigu zelan jokatu, horregatik, zuzenena Euskaltzaindiaren orrira jotzea izaten da, hor topatuko baitugu behar dugun informazioa (hiztegia, euskara batuaren eskuliburua, jagonet…).

Kontuan hartu behar duzue Internet hitza askotan erabiltzen dugula idazlanetan, eta gehien-gehienetan txarto, ikus dezagun zer dioen Euskaltzaindiak!   

Inguruko hizkuntza gehienetan, ohitura nagusia letra larriz hasita idaztekoa izan da. Halaxe jaso du Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere, eta, ondorioz, kasu-markak izen berezi bati dagozkion moduan hartzen ditu: , Interneti, Internetekin, Interneten... Adibidez: Internet bidez erosi eta saldu ahal izango dira bigarren eskuko objektuak. Erantzuna Interneten aurkitu zuen. [EH]

Esan beharra dago, hala ere, ohiturak aldatzen ari direla azken urteotan. Inguruko hizkuntza askotan letra xehez ere erabiltzen da

 

KONTUAN HARTU! 

  • Izen berezitzat hartzen dugu, beraz,deklinatu behar dugu beti mugagabean.
  • Izen berezia den aldetik, letra larriz idatzi behar dugu, hala ere, letra xehez ezin da gaitzetsi.

IRIZPIDEAK

Azterketa idatzietan testuak ebaluatzeko erabiltzen diren irizpideak hauxek dira: egokitasuna, koherentzia, kohesioa, aberastasuna eta zuzentasuna.

EGOKITASUNA: Idazlanerako proposatu den hitz-kopurua, gaia, solaskidea (nori  zuzenduta dagoen idatzia) eta xedea (zein den idatziaren helburua) kontuan hartu dira? 

KOHERENTZIA: Ideia nagusiak, lagungarriak (bigarren mailakoak) eta xehetasunak ondo antolatuta eta bereizita daude? Ideia horiek era logikoan aurkeztu dira? Testua lehen irakurraldian ulertzen da? Ala informazio-jauziak, hutsuneak eta kontraesanak daude eta behin baino gehiagotan irakurri behar da ulertzeko?

KOHESIOA: Esaldi, paragrafo eta testu osoan, ondo lotuta daude ideiak? Ondo erabili dira testu-antolatzaileak? Eta puntuazio-sistema? Ondo egin dira ideien arteko erreferentziak eta elipsiak?

ABERASTASUNA: Hizkuntz baliabide ugari eta era askotakoak erabili dira? Esaldi landuak daude idatzian? Ideiak zehatz idatzita daude ala azaletik, sakontasunik gabe bakarrik adierazi dira? Sinonimoak eta antonimoak erabili dira ala hitzak eta egitura berberak behin eta berriro errepikatu dira? 

ZUZENTASUNA: Gramatikaren arauak errespetatzen dira testuan (ortografia, deklinabidea, aditza, sintaxia)? Gaiari buruzko lexikoa/hitzak eta moldeak zuzen erabili dira ala gaizki idatzita eta lekuz kanpo? Akats gramatikal sistematikoak (behin baino gehiagotan akats bera) egin dira?










HABEren AZTERKETA

Gogoratu gaur hasiko dela ikasle ofizialen matrikula epea Haberen B2 eta C1eko azterketak egiteko!

1. HABEren orrira joan, goian hasi saioa ikusiko duzue, sakatu!
2. Zuen orrian sartzeko erabiltzailea eta pasahitza eskatuko zaizkizue, sisteman berriak bazarete, berdinak izango dira, zuen nortasun agiria letrarik gabe. Berriak ez bazarete, berriz, erabiltzailea zuen nortasun agiria letra gabe, eta pasahitza zuek aukeratu zenutena.
3. Behin sartuta, datuak bete eta ordaindu. Bi modu daude: offline (orria inprimatu eta banketxean edo kutxazainean ordaindu) eta online.


GAZTELANIAZKO SI

Hitz egiten dugunean, baita idazten dugunean ere, badaukagu hainbat akats, batzuk puntualak dira, baina beste batzuk oso errotuta dauzkagu eta ez da erraza zuzentzea, haietako bat gaztelaniazko si da. Ikus dezagun zelan itzuli dezakegun partikula hori.
  1. Baieztapena 
Etorri zara gurekin? bai.


  1. Baldintza
Ondo portatzen (baldin)bazara, opari bat erosiko dizut.
Ondo portatuz gero, opari bat erosiko dizut.
Ondo portatu ezik/ezean, ez dizut oparirik erosiko.


  1. Zehar galdera
         Ez dakit etorriko naizen.
         Ea zorte daukazuen!


  1. Kausala
                    Zergatik jo duzu zure neba? Hargatik
                    Zergatik ez duzu idazlana egin? Hargatik 
                    Ez zaitut ezagutu eta


  1. Enfasia
                    Esan nuen nik, bada!  


    NAHI ETA NAHIAGO

    Arazo handia daukagu aditz hauekin, kalean txarto erabiltzen dugu, eta ez da ezer gertatzen, baina Euskaltzaindiak argi uzten ditu hainbat kontu.
    1. Aditza ez da nahi/nahiago, bazik eta nahi izan/nahiago izan. Honek zer esan nahi du? Aditzari aspektua emateko izan partikula deklinatu behar dugula.
    1. Aditz biak antzekoak dira, zuek pentsatu nahiago aditza badela nahi baina apur bat gehiago; beraz, berdin jokatzen dute, subjektu bakarra daukagunean aditza infinitiboan erabili behar dugu (nik zinemara joan nahi/nahiago dut), bi subjektu daukagunean,berriz, nominalizazioa erabili behar dugu (nik zu zinemara joaTEA(joan zaitezen) nahi/nahiago dut)
    1. Oso antzekoak badira ere, batzuetan desberdin jokatzen dute.
      1. Nahi izan aditzak singularra zein plurala onartzen du, nahiago izan aditzak, berriz, singularra.
    Nik sagar bat jan nahi dut 
    Nik sagarrak jan nahi ditut
    Nik sagar bat jan nahiago dut
    * Nik sagarrak jan nahiago ditut
    Nahi izan aditzean, objektuak aditz nagusiarekin egiten du komunztadura. Nahiago izan aditzean, berriz, mendeko perpaus jokatugabea du osagarri (eta mendeko perpaus horretako aditzarena da objektua, ez aditz nagusiarena)

      1. Ezezkoetan ordena ezberdina da
    Nahi izan aditzean, ezeztapena aditz nagusiarekin doa. Nahiago izan aditzean, berriz, perpaus osagarrian doa, ez nagusian.
        Ez dut egin nahi
        *Nahi ez dut egin
        Nahiago dut ez egin
        *Ez dut nahiago egin

    GEHIAGO JAKITEKO

    EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Euska batuaren eskuliburua Bilbo: Euskaltzaindia (nahi izan sarrera).
    —(1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (444-448).
    —(1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (137).
    —(2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (343-344 eta hur.).
    —(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (415-417).
    — (1994). “Gramatika batzordearen II. Okerrak zuzenduz”, Euskera, 1994, 3: 964-965.
    —(2014). "Aditz modalak: nahi izan + behar izan", Jagonet galde-erantzunak.
    —(2001). "Nahi: nahi ezta / nahi ezik", Jagonet galde-erantzunak.
    —(2001). "Nahi izan"en eta "nahiago izan"en komunztadura", Jagonet galde-erantzunak.
    —(2008). "Subjuntiboa: nahi(ago) izan, gura(go) izan, opa izan -en/-ela", Jagonet galde-erantzunak.
    —(2001). "Joan daiteke, joan ahal da, *ahal da joan?", Jagonet galde-erantzunak.
    —(2001). "Nahi: nahi izanez gero / *nahiez gero, *nahi ezkero", Jagonet galde-erantzunak.
    —(2001). "Nahi izan: nahiago dut ez egin / bihar nahiago dut joan", Jagonet galde-erantzunak.
    PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (59, 214-216).
    GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (64-65).
    ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal Estilo Libururantz. Bilbo: UPV/EHU (171).
    Iturria- Euskaltzaindia