Aditza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aditza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

NOR-NORI

Askotan erabiltzen ez badugu ere, batzuetan ezinbestekoa da ñabardura osoa adierazteko. Adibidez hasi eta ari partikulekin


            Nik zuri ipuin bat kontatzen dizut

Hasi eta ari  aditzek auxiliar intransitibo bat eskatzen dute.


            Ni zuri ipuin bat kontatzen ari naiz
            Ni zuri ipuin bat kontatzen hasi naiz


Bi hauek zuzenak badira ere, sinpleak dira eta ez dute esanahia bere osotasunean adierazten, kasu honetan komenigarria da Nor-nori kasua erabiltzea. 


            Ni zuri ipuin bat kontatzen ari natzaizu
            Ni zuri ipuin bat kontatzen hasi natzaizu






Aditz galdetegia

 Hemen badauzkazue aditza birpasatzeko joko bat, ez dago oso landua, baina egiten dudan lehenengoa da.


<div style="width: 100%;"><div style="position: relative; padding-bottom: 56.25%; padding-top: 0; height: 0;"><iframe frameborder="0" width="1200" height="675" style="position: absolute; top: 0; left: 0; width: 100%; height: 100%;" src="https://view.genial.ly/61bb92512349c40dd58acdfc" type="text/html" allowscriptaccess="always" allowfullscreen="true" scrolling="yes" allownetworking="all"></iframe> </div> </div>

HIPOTETIKOAREN ERABILERA OKERRA

Aditzek ematen diguten beste buruhauste bat aditz aspektuarena da, batez ere ondorio hipotetikoen erabilera okerra euskara mintzatuan, eta hori idatzian islatzen da. Nork ez du inoiz entzun/esan eskatuko bazenit, zurekin joango nintzen bezalako esaldia?Kalean oso ohikoa da aditzaren iragana ondorio hipotetikoa adierazteko,baina gogoratu behar dugu, forma hori bakarrik dela zuzena ondorio hipotetikoa iraganean oinarrituta badago, adibidez, eskatu izan bazenit, zurekin joango nintzen /nintzatekeen.
         * Ondo egongo zen idazlana egin behar ez bagenu. 
           Ondo egongo litzateke/legoke idazlana egin behar ez bagenu

KE-Z AMAITZEN DIREN ADITZAK

Oso akats ohikoa izaten da -KE-z amaitzen diren aditzak txarto deklinaturik ikustea. 
Lehenengo eta behin, zeintzuk dira -KE-z amaitze diren aditzak?
  • Ahalera: dezake, daiteke, nezake, liteke…
  • Baldintza hipotetikoak: nintzateke, luke, legoke…
Akatsa izaten da gauza bat kontuan ez hartzea:ADITZA DEKLINABIDE MARKA BAT HARTZEN DUENEAN, AMAIERAKO -E  BIKOIZTU BEHAR DA!
        Daiteke + -(e)la → DaitekEEla (*daitekela)
        Dezake + (e)nean → DezakEEnean (*dezakenean)
        Nintzateke + -( e)nez → NintzatekEEnez (*nintzatekenez)
        Luke - -(e)lako → LukEElako (*lukelako)

MUGAGABEA ESKATZEN DUTEN ADITZAK


Zenbait aditz berezik mugagabea eskatzen du. Hona hemen honela jokatzen duten aditzik ohikoenen zerrenda.

Bihurtu
Aukeratu
Egon
Bidali
Bilakatu
Hautatu
Sartu
Kontratatu
Egin
Izendatu
Joan
Hartu

Pertsonen egoera, lanbidea, estatusa edo maila soziala adierazteko erabiltzen diren aditzak dira gehienak, bihurtu eta bilakatu aditzak izan ezik.

Ura ardo bihurtu zuen
Ordezkari aukeratu dute
Lehendakari izendatuko dute
Entzule egon nintzen ikastaroan
Laguntzaile hasi zen, baina gero zuzendari jarri zuten
Irakasle joan da herri txiki batera

Ez nahastu esapide hauek –TZAT deklinabide kasuarekin antzeko esangura duten arren, ez baitira guztiz berdinak.

Idazkari hartu naute (idazkari lana egiteko)
Idazkaritzat hartu naute (idazkaria nintzela pentsatu dute)

Zenbait kasutan, forma mugatua zein mugagabea erabil daitezke, baina esangura desberdinekin.
Jon zuzendari aukeratu dute (Jon zuzendari izateko aukeratu dute)
Zuzendaria aukeratu dute ( zuzendari bat aukeratu dute)

EUSKALTZAINDIAREN ARAUA: TOPIKO(SA) BIHURTU

Hortaz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia: perpaus baten barnean bi nor-sintagma agertzen direnean, eta horietako bat bestearen predikatu osagarria denean, bihurtu aditzak mugagabean eskatzen du predikatu osagarri hori: ura ardo bihurtu zuten. Hala ere, sintagma izen soil batek osatu beharrean beste ingurukariz janzten denean, izenondoak, izenlagunak, adjektibo konparatiboak, perpaus erlatiboak, e.a. erabiliz, orduan artikulua eskatzen du askotan. Kasua, berriz, beti absolutiboa(nor kasua) erabiliko da: emakumerik ederrena bihurtu zen.


Araua oso korapilotsua badirudi ere, erraza da,  arauak dio Bihurtu aditzak mugagabea eskatzen duela kasu gehienetan,hala ere, salbuespenak badaude, batez ere egitura konparatiboetan.
Hemen daukazue ariketatxo bat praktikatzeko.







ADIITZ BEREZIAK

Euskaraz, beste hainbat hizkuntzatan, badaude aditz problematiko batzuk: aditz bereziak. Baina zergatik bereziak? Logikaren arauak urratzen dituztelako, askotan logikak esaten digu aditz batek kasu  batekin erabili behar dugula, baina bereziak denez, eskatzen du beste kasu bat, adibidez:
      Logikak diosku itxaron aditzarekin nor-nork erabili beharko 
      genukeela, baina zer-nori-nork erabili behar dugu.
           🜹 Hemen itxarongo zaitut.
          🌞 Hemen itxarongo dizut.



Esteka hautan badauzkazue teoria eta ariketa batzuk praktikan jar dezazuen.

SUBJUNTIBOA

Subjuntiboa, aditz beldurgarri hori 😀, baina egia esan ez da hainbesterako. Subjuntiboaren inguruan mito asko daude,baina guztiak ez dira egiak, azter ditzagun batzuk:
  •  Zaila da! 
Ez da egia, zaila da erabiltzen ez dena. Aditz berri bat ikasten dugunean, hasieran kostatzen zaigu, baina erabiltzearen poderioz gure lexikoan sartzen dira eta naturaltasun osoz erabiltzen ditugu.
  • Ez da erabiltzen!
Erabili erabili, erabiltzen da, kontua da jendeak errazenera jo ohi du eta nominalizazioa erabili nahiago du, baina bai kalean, bai idazlanetan erabiltzen da subjuntiboa.
ZURE ESKU DAGO  subjuntiboa erabiltzea.
  • Zertarako?
Gure hizkerari aberastasuna emateaz gain, idazlanean, irakurlea zeureganatzeko, batez ere,azken paragrafoan.


Subjuntiboa ikasteko badaude bi bide. Bata, taulak buruz ikastea; bestea, logika aplikatzea. Bai, logika! Ahaleraren formak ezagututa, subjuntiboarena oso errazak dira, baldin eta hurrengoa egiten dugun:
  1. Aditzari ahaleraren marka, -KE, kendu (izan  aditza irregularra da).
          DezaKEzu → dezazu
          DakioKE → dakio
          NazaKEte → nazate
          DiezadaKEzue →diezadazue

       2. Ahaleraren marka kenduta daukagun aditzari, subjuntiboaren marka jarri, -N.
           DezazuN
           DakioN
           NazateN
           DiezadazueN






Aditz trinkoak

Aditz trinkoa osagai bakarraz eratutako aditza da, eta unean bertan gertatzen ari dena edo ari zena adierazten du.
     Ni zinemara noa ( momentu honetan).
     Zuk liburu bat dakarzu ( momentu honetan).

Aditz trinkoetan informazio osoa (esanahi, pertsona, aspektua...) hitz bakar batean dago bilduta; aditz perifrastikoa ordea, bi elementuk osatzen dute: aditz nagusiak eta aditz laguntzaileak, alegia.
     Ni aulkitik erori naiz ( erori aditz nagusia eta da laguntzailea).
     Zuk liburu bat irakurri duzu ( irakurri aditz nagusia eta duzu laguntzailea).

Aditz trinkoa aditz laguntzaile baten beharrik gabe jokatzen da. Hala ere, gehienek forma perifrastikoa ere badaukate, bien arteko ezberdintasuna aspektua izanik.
     Ni zinemara noa ( momentu honeta gertatzen da). 
     Ni zinemara joaten naiz ( ekintza errepikatzen da denboran).

Aditz trinkoen artean sailkapen bat egin behar dugu, alde batetik badauzkagu intrantsitiboak, eta bestetik trantsitiboak. Hauek dira erabilienak.
     Intrantsitiboak: Izan, Egon, Joan, Etorri, Ibili.
     Trantsitiboak: Ukan, Eduki, Ekarri, Eraman, Jakin, Esan, Erabili, Irudi, Ihardun.
Erabilienak, baina ez bakarrak. Badaude beste aditz trinko asko, kontua da gero eta gutxiago erabiltzen ditugula, eta gaur egun hirugarren pertsonak baino ez ditugula erabiltzen edota euskaran errotu dira egiturak /formulak  moduan.
    Etzan, Egin, Eman, Ikusi, Iraun, Erion ...





Aditz trinkoak vs. Aditz perifrastikoak

Aurreko sarrera batean, euskal aditza oso logikoa zela esan nuen, egia da, baina oinarriak ondo ikasi behar dituzue. Oinarri horien artean aditz trinkoak eta aditz perifrastikoak daude, baina zer demontre dira hitz potolo horiek? Emango dudan azalpena sinple-sinplea da, gehiago sakonduko baduzue, esteka batzuk jarriko dizkizuet.

1. Aditz perifrastikoak
Aditz perifrastikoak , nolabait esateko, aditz konposatuak dira. Aditz hauetan bi elementu daukagu: aditz nagusia eta aditz laguntzailea.
       Nik liburu bat irakurriko dut.
       Nik liburu batzuk irakurriko ditut.
Bi esaldi hauetan bi aditz daukagu:

       Aditz nagusia IRAKURRI
       Aditz laguntzailea DUT/DITUT
Bakoitzak informazio bat ematen digu, aditz nagusiak aditzaren esanahiaren (irakurri) eta aspektuaren (etorkizuna -KO) inguruko informazioa ematen digu; auxiliarrak, berriz, pertsona (1.sing.), zenbakia (singularra ala plurala) eta aspektua (orainaldia/iragana). Aspektuaz beste sarrera batean hitz egingo dugu.




2. Aditz trinkoak
Hauek bereziak dira, zergatik? Balio bikoitza dutelako, hau da, forma perifrastikoa eta forma trinkoa dutelako. Forma perifrastikoa dutenean, aurrekoek bezala jokatzen dute, aditz nagusia(trinkoa) eta auxiliarra; forma trinkoa dutenean, dagokien forman jokatzen dira.
    Perifrastikoa: ni mendira joan naiz (he ido al monte)
    Trinkoa: ni mendira noa (voy al monte)
Aspektua iraganekoa edo geroaldikoa denean, ez dago arazorik; orainaldian, aldiz, bereizketa bat egin behar dugu, ekintza puntuala bada forma trinkoa erabiltzen dugu, eta ekintza ohikoa bada, denboran errepikatzen denean, perifrastikoa.
   Ni mendira noa ( voy al monte)
   Ni astero mendira joaten naiz ( voy/suelo ir al monte)
Lehenengo adibidean, ekintza oraintxe bertan gertatzen da; bigarrenean, berriz, denboran errepikatzen da, normalean adberbio batek markatzen du ohikotasun hori.
 



Sareko Euskal Gramatika
EIBZ
Atalak





Aditza

Aurrerantzean azalduko badugu ere, hiru.eus webgunean badago azalpen orokor bat, oso interesgarria ideia bat hartzeko. Oso zabalduta dago euskal aditza oso zaila delako mitoa, baina bai zera! Nire aburuz, euskal aditza ezin logikoagoa izan, egia da aditz asko daudela, gaztelaniaz baino gutxiago, baina guzti-guztiak ez dira erabiltzen, euskaraz ondo idazteko edo berba egiteko ez da beharrezkoa zinderraizkio bezalako aditzak erabiltzea. 

Euskararen adizkiak nahikoa konplexuak dira bertan informazio-kopuru handia bildua dagoelako, bai ekintzan parte hartzen duten elementuei buruz (subjektua, osagarri zuzena eta zeharkako osagarria), bai aspektuari buruz (burutua, ez-burutua, geroa), eta bai denborari buruz ere (oraina, iragana, baldintzazkoa).

Aditzak, oro har, beren partizipio-formaren arabera (jolastu) izendatzen ditugu. Aditz horren erroa jolas izango litzateke, eta halaxe agertzen da adizki potentzialetan (jolas dezakezu), edo aditz arazleak osatzerakoan (jolasarazi).

Adizkiak, jokatuak ala ez-jokatuak izan daitezke.

ADIZKI EZ-JOKATUAK

Aditzek jokatu gabe erabiltzen direnean ez dute denborarik eta pertsonarik adierazten, esate baterako: joan! Aditz horrek agindu bat adierazten du, eta ikus dezakegun moduan, ez du denbora-markarik (oraina, iragana eta geroa), eta ez pertsona-markarik ere (nor, nor-nori, nor-nork o nor-nori-nork). Aditz horrek, beraz, bere testuingurutik kanpo, oso informazio gutxi ematen digu aipatutako agindu horren inguruan. Agindu hori, gainera, adizki jokatu baten bidez ere eman genezake: joan zaitez! Horrek aurrekoak baino informazio gehiago eskaintzen du, badakigu orainean dagoela eta singularreko bigarren pertsonari (zu) zuzendua dagoela.

Adizki ez-jokatuak hiru eratara ager daitezke:
    Aditz-oina bakarrik: joan!
   Aginduak emateko.
   Galdera erretorikoak eta harridurazkoak egiteko.
   Errefrauetan.
   Kontakizunetan.
   Antzerkiko didaskalietan. 
Partizipioa: euskal partizipio zaharrarenen amaierak -i eta -n dira (ikasi, eduki, joan, edan...), eta -tu/-du partizipio-amaiera hizkuntza erromantzeetatik jasoa dugu. Gainera, -tu amaiera hori erabiliko dugu aditz berriak osatzeko (ligatu, nabigatu...). 
Aditz-izena: izen bihurturiko aditz hauek izen-sintagma osatuz ager daitezke, eta horregatik, kasu-markak ere har ditzakete. Zu etortzea nahi dut. Menditik ibiltzea gustatzen zait.


ADIZKI TRINKOAK


Aditz trinkoak aditz laguntzaile baten beharrik gabe jokatzen dira. Aditzaren informazio guztia hitz bakarrean biltzen dute: pertsona, ekintzaren esanahia, modua, tempusa eta aspektua. Esate baterako: noa, nindoan, dator, daukat, zatozte, zegoen.

Egungo euskaran sintetikoki jokatu daitezkeen adizkien kopurua nahikoa mugatua da, aditz perifrastikoen aldean. Euskaltzaindiaren arabera 24 inguru aditz sintetiko edo aditz trinko izango genituzke, eta horien guztien artetik, hizkuntza mintzatuan hauek lirateke arruntenak: egon, joan, ibili, etorri, izan, jakin, eduki, ekarri, eraman, esan, jakin; beste aditz trinko batzuk hirugarren pertsonan bakarrik dira arruntak (etzan > datzajarrio > dario, iraun > dirau) eta horietako batzuk hizkuntza idatzian edo hizkuntza landuan bakarrik erabiltzen dira. Aditz sintetiko edo trinko guztien partizipioak -i, -n amaiera dute, hots, aditz-amaiera zaharrak, eta aditz perifrastiko gehienen amaiera -du edo -tu da.


ADIZKI PERIFRASTIKOAK



Adizki perifrastikoak jokatu ahal izateko aditz laguntzaile baten beharra dutenak dira..

Era honetako aditz gehienak -tu /-du amaieraz baliatzen dira partizipioa osatzeko: aurki > aurkitu; lagun > lagundu; bila > bilatu

Baina badira, halaber, -i edo -n amaiera dutenak: sinetsi, bidali; jan, irakin.

Forma perifrastikoek aditz nagusi bat eta aditz laguntzaile bat dute.

Aditz nagusiak: aditzaren esanahia eta aspektua ematen digu. Lau eratara ager daitezke: aditz-oina (har), partizipio burutua (hartu), ez-burutua (hartzen) edo geroa (hartuko).

Aditz laguntzailea: aditzaren pertsona, tempusa eta modua adierazten du, esate baterako: naiz, nintzen, naiteke, nadin, dut, nuen, dezaket.
Aditz guztiek forma perifrastiko bat har dezakete, hau da, laguntzaile batekin jokatu daitezke, baina denak ezin daitezke sintetiko izan. Esate baterako, ibili bezalako aditz trinko bat hitz bakarrean (nabil) edo laguntzaile batekin (ibiltzen naiz) aurki dezakegu. Halere, aditz perifrastiko batek (apurtu) beti behar du laguntzaile bat jokatu ahal izateko (apurtzen dut).



ADITZEN ASPEKTUA, TEMPUSA ETA MODUA

Adizki perifrastikoetan bi zati bereiz ditzakegu: bat, aditz nagusia da, eta bestea, laguntzailea. Lehenak aspektua emango digu, eta bigarrenak, berriz, tempusa eta modua.

Aspektua

Aditz nagusiak honela adieraziko digu aspektua:

Aditz laguntzailea edin edo ezan sailekoa denean ez du aspektu-markarik eramango: etor daiteke, etor dadin, uler dezake, ekar ezazu...
Aspektu burutua. Ekintza burutua dagoela adierazten du eta aditz trinko gehienetan -i edo -n amaierak, eta aditz perifrastiko gehienetan -tu/-du amaierak adieraziko liguke hori: etorri da, jan duzu, sartu da, lagundu duzu.
Ez-burutua. Oraindik amaitu ez den prozesu baten ekintza adierazten du, eta aditzaren erroari -ten o -tzen gehituz lortzen da: egiten zuen, askatzen du.
Geroa. Geroaldia adierazteko aspektuaren bidez egiten dugu, aspektu-marka desberdinak erabiliz: -ko, -go izango da aspektu-markarik erabiliena (jango, eramango, aurkituko...), baina ekialdeko euskalkietan -en ere azalduko zaigu kontsonantez amaitzen diren aditz-erroei loturik (janen, eramanen...).
Aditz trinkoak bakarrik jokatzen direnean, ez dute aspektu-markarik. Esanahiari dagokionez, aditz zehaztugabeak eta puntualak dira, hau da, une jakin batean gertatzen ari den edo beti modu berean gertatzen den jarduera bat adierazten dute, esate baterako: Zarautz Gipuzkoan dago; nik badakit hori.

Tempusa

Euskal adizkietan hiru tempus aurkitzen ditugu: oraina, iragana eta alegiazkoa.

Oraina: ekintza-unea gertatzen ari den aldia (dator, du, dateke, dezake...).

Iragana: ekintza-unea baino lehenago gertatutakoari dagokion aldia (zetorren, zukeen, zatekeen, zezan...).

Alegiazkoa: balizko ekintzak adierazteko erabiltzen den aldia (litzateke, lezake, baletor, nekike...).
Geroaldia, euskaraz, ez da laguntzailearen bidez adierazten, aspektu-markaren bidez baizik,-ko, -go edo -en aditz nagusiaren oinari erantsiz. Aditz sintetikoen bidez bai oraina (nabil) eta bai iragana (nenbilen) adieraz ditzakegu, baina geroaldiko formak adierazteko, aditz perifrastikoetara jo beharra dugu (ibiliko naiz).

Sarritan, aditzaren denbora bat dator esaldiarenarekin, baina ez beti, eta horrexegatik, era honetako esaldiak ere aurkituko ditugu: Ni bihar ez nator klasera.

Modua

Modua solaskideak aditzaren ekintzaren aurrean hartzen duen jarrerari dagokio, eta moduaren ezaugarria aditz trinko jokatuan edo aditz laguntzailean aurkituko dugu. Horrela, ahalera, baldintza, ondorioa eta subjuntiboa bereiz ditzakegu.

Ahalera: zerbait gerta daitekeela edo egin daitekeela adierazten du, hau da, ahal bat. Laguntzaileari -ke modu-marka erantsiz osatzen da: Maria etor daiteke / etor liteke / etor zitekeen.
Baldintza: bete beharreko baldintza bat adierazten du. Laguntzailearen aurrean ba- morfema eskatzen du: Dirua izango banu... /  izan banu.

Ondorioa: baldintzaren emaitza adierazten du. Honek ere -ke morfema eskatzen du: Mendira joango nintzateke / joango nintzatekeen...

Subjuntiboa: aditzak adierazitakoa subjektibotasun kutsu batez islatzen da: Pozik jarri dadin oparia eman diot / Pozik jarri zedin oparia eman nion.



JATORRIA: