Aditza

Aurrerantzean azalduko badugu ere, hiru.eus webgunean badago azalpen orokor bat, oso interesgarria ideia bat hartzeko. Oso zabalduta dago euskal aditza oso zaila delako mitoa, baina bai zera! Nire aburuz, euskal aditza ezin logikoagoa izan, egia da aditz asko daudela, gaztelaniaz baino gutxiago, baina guzti-guztiak ez dira erabiltzen, euskaraz ondo idazteko edo berba egiteko ez da beharrezkoa zinderraizkio bezalako aditzak erabiltzea. 

Euskararen adizkiak nahikoa konplexuak dira bertan informazio-kopuru handia bildua dagoelako, bai ekintzan parte hartzen duten elementuei buruz (subjektua, osagarri zuzena eta zeharkako osagarria), bai aspektuari buruz (burutua, ez-burutua, geroa), eta bai denborari buruz ere (oraina, iragana, baldintzazkoa).

Aditzak, oro har, beren partizipio-formaren arabera (jolastu) izendatzen ditugu. Aditz horren erroa jolas izango litzateke, eta halaxe agertzen da adizki potentzialetan (jolas dezakezu), edo aditz arazleak osatzerakoan (jolasarazi).

Adizkiak, jokatuak ala ez-jokatuak izan daitezke.

ADIZKI EZ-JOKATUAK

Aditzek jokatu gabe erabiltzen direnean ez dute denborarik eta pertsonarik adierazten, esate baterako: joan! Aditz horrek agindu bat adierazten du, eta ikus dezakegun moduan, ez du denbora-markarik (oraina, iragana eta geroa), eta ez pertsona-markarik ere (nor, nor-nori, nor-nork o nor-nori-nork). Aditz horrek, beraz, bere testuingurutik kanpo, oso informazio gutxi ematen digu aipatutako agindu horren inguruan. Agindu hori, gainera, adizki jokatu baten bidez ere eman genezake: joan zaitez! Horrek aurrekoak baino informazio gehiago eskaintzen du, badakigu orainean dagoela eta singularreko bigarren pertsonari (zu) zuzendua dagoela.

Adizki ez-jokatuak hiru eratara ager daitezke:
    Aditz-oina bakarrik: joan!
   Aginduak emateko.
   Galdera erretorikoak eta harridurazkoak egiteko.
   Errefrauetan.
   Kontakizunetan.
   Antzerkiko didaskalietan. 
Partizipioa: euskal partizipio zaharrarenen amaierak -i eta -n dira (ikasi, eduki, joan, edan...), eta -tu/-du partizipio-amaiera hizkuntza erromantzeetatik jasoa dugu. Gainera, -tu amaiera hori erabiliko dugu aditz berriak osatzeko (ligatu, nabigatu...). 
Aditz-izena: izen bihurturiko aditz hauek izen-sintagma osatuz ager daitezke, eta horregatik, kasu-markak ere har ditzakete. Zu etortzea nahi dut. Menditik ibiltzea gustatzen zait.


ADIZKI TRINKOAK


Aditz trinkoak aditz laguntzaile baten beharrik gabe jokatzen dira. Aditzaren informazio guztia hitz bakarrean biltzen dute: pertsona, ekintzaren esanahia, modua, tempusa eta aspektua. Esate baterako: noa, nindoan, dator, daukat, zatozte, zegoen.

Egungo euskaran sintetikoki jokatu daitezkeen adizkien kopurua nahikoa mugatua da, aditz perifrastikoen aldean. Euskaltzaindiaren arabera 24 inguru aditz sintetiko edo aditz trinko izango genituzke, eta horien guztien artetik, hizkuntza mintzatuan hauek lirateke arruntenak: egon, joan, ibili, etorri, izan, jakin, eduki, ekarri, eraman, esan, jakin; beste aditz trinko batzuk hirugarren pertsonan bakarrik dira arruntak (etzan > datzajarrio > dario, iraun > dirau) eta horietako batzuk hizkuntza idatzian edo hizkuntza landuan bakarrik erabiltzen dira. Aditz sintetiko edo trinko guztien partizipioak -i, -n amaiera dute, hots, aditz-amaiera zaharrak, eta aditz perifrastiko gehienen amaiera -du edo -tu da.


ADIZKI PERIFRASTIKOAK



Adizki perifrastikoak jokatu ahal izateko aditz laguntzaile baten beharra dutenak dira..

Era honetako aditz gehienak -tu /-du amaieraz baliatzen dira partizipioa osatzeko: aurki > aurkitu; lagun > lagundu; bila > bilatu

Baina badira, halaber, -i edo -n amaiera dutenak: sinetsi, bidali; jan, irakin.

Forma perifrastikoek aditz nagusi bat eta aditz laguntzaile bat dute.

Aditz nagusiak: aditzaren esanahia eta aspektua ematen digu. Lau eratara ager daitezke: aditz-oina (har), partizipio burutua (hartu), ez-burutua (hartzen) edo geroa (hartuko).

Aditz laguntzailea: aditzaren pertsona, tempusa eta modua adierazten du, esate baterako: naiz, nintzen, naiteke, nadin, dut, nuen, dezaket.
Aditz guztiek forma perifrastiko bat har dezakete, hau da, laguntzaile batekin jokatu daitezke, baina denak ezin daitezke sintetiko izan. Esate baterako, ibili bezalako aditz trinko bat hitz bakarrean (nabil) edo laguntzaile batekin (ibiltzen naiz) aurki dezakegu. Halere, aditz perifrastiko batek (apurtu) beti behar du laguntzaile bat jokatu ahal izateko (apurtzen dut).



ADITZEN ASPEKTUA, TEMPUSA ETA MODUA

Adizki perifrastikoetan bi zati bereiz ditzakegu: bat, aditz nagusia da, eta bestea, laguntzailea. Lehenak aspektua emango digu, eta bigarrenak, berriz, tempusa eta modua.

Aspektua

Aditz nagusiak honela adieraziko digu aspektua:

Aditz laguntzailea edin edo ezan sailekoa denean ez du aspektu-markarik eramango: etor daiteke, etor dadin, uler dezake, ekar ezazu...
Aspektu burutua. Ekintza burutua dagoela adierazten du eta aditz trinko gehienetan -i edo -n amaierak, eta aditz perifrastiko gehienetan -tu/-du amaierak adieraziko liguke hori: etorri da, jan duzu, sartu da, lagundu duzu.
Ez-burutua. Oraindik amaitu ez den prozesu baten ekintza adierazten du, eta aditzaren erroari -ten o -tzen gehituz lortzen da: egiten zuen, askatzen du.
Geroa. Geroaldia adierazteko aspektuaren bidez egiten dugu, aspektu-marka desberdinak erabiliz: -ko, -go izango da aspektu-markarik erabiliena (jango, eramango, aurkituko...), baina ekialdeko euskalkietan -en ere azalduko zaigu kontsonantez amaitzen diren aditz-erroei loturik (janen, eramanen...).
Aditz trinkoak bakarrik jokatzen direnean, ez dute aspektu-markarik. Esanahiari dagokionez, aditz zehaztugabeak eta puntualak dira, hau da, une jakin batean gertatzen ari den edo beti modu berean gertatzen den jarduera bat adierazten dute, esate baterako: Zarautz Gipuzkoan dago; nik badakit hori.

Tempusa

Euskal adizkietan hiru tempus aurkitzen ditugu: oraina, iragana eta alegiazkoa.

Oraina: ekintza-unea gertatzen ari den aldia (dator, du, dateke, dezake...).

Iragana: ekintza-unea baino lehenago gertatutakoari dagokion aldia (zetorren, zukeen, zatekeen, zezan...).

Alegiazkoa: balizko ekintzak adierazteko erabiltzen den aldia (litzateke, lezake, baletor, nekike...).
Geroaldia, euskaraz, ez da laguntzailearen bidez adierazten, aspektu-markaren bidez baizik,-ko, -go edo -en aditz nagusiaren oinari erantsiz. Aditz sintetikoen bidez bai oraina (nabil) eta bai iragana (nenbilen) adieraz ditzakegu, baina geroaldiko formak adierazteko, aditz perifrastikoetara jo beharra dugu (ibiliko naiz).

Sarritan, aditzaren denbora bat dator esaldiarenarekin, baina ez beti, eta horrexegatik, era honetako esaldiak ere aurkituko ditugu: Ni bihar ez nator klasera.

Modua

Modua solaskideak aditzaren ekintzaren aurrean hartzen duen jarrerari dagokio, eta moduaren ezaugarria aditz trinko jokatuan edo aditz laguntzailean aurkituko dugu. Horrela, ahalera, baldintza, ondorioa eta subjuntiboa bereiz ditzakegu.

Ahalera: zerbait gerta daitekeela edo egin daitekeela adierazten du, hau da, ahal bat. Laguntzaileari -ke modu-marka erantsiz osatzen da: Maria etor daiteke / etor liteke / etor zitekeen.
Baldintza: bete beharreko baldintza bat adierazten du. Laguntzailearen aurrean ba- morfema eskatzen du: Dirua izango banu... /  izan banu.

Ondorioa: baldintzaren emaitza adierazten du. Honek ere -ke morfema eskatzen du: Mendira joango nintzateke / joango nintzatekeen...

Subjuntiboa: aditzak adierazitakoa subjektibotasun kutsu batez islatzen da: Pozik jarri dadin oparia eman diot / Pozik jarri zedin oparia eman nion.



JATORRIA: 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina