HIRU METROTARA ALA HIRU METRORA?

Ez dakit zuek, baina noizbehinka betiko zalantzak harrapatzen nau, zelan esaten da bost metrotara dago ala bost metrora dago? Bi urtetan  lortu zuten ala bi urtean lortu zuten?
Egia da forma biak, mugatua zein mugagabea, erabiltzen direla, baina ondo aritzeko, zein erabili beharko genuke?
Handik bost urtera ala urtetara?
Handik bost kilometrora ala bost kilometrotara?
Hiru urtetan ala hiru urtean?
Hiru kilometrotara ala hiru kilometrora?
Hiru egunetan ala hiru egunean?

Erantzuna erraza da, kasu bietan, Non/Noiz-Nora/Noizera, singularra erabiltzea hobesten da. Non/noiz kasuarena argiago dago, Euskaltzaindiak 11. arauan azaltzen du:
"inesiboko sintagma hauei dagokienez (...) mugatu singularra erabiltzea hobesten da honako kasu honetan: zenbatzailedun sintagma horrek adierazten duen denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean (hiru astean, hiru urtean, lau urtean)". Beraz,hiru urtean edo hiru egunean
Nora/Noizera kasuan Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki, biak erabiltzen direla onartzen du, baina hemen, Hegoaldean, forma mugatua erabiltzeko joera daukagu, beraz hori gomendatzen digute.
Ez da oraindik araurik eman -ra atzizkiaren erabileraz. Hala ere, ezer esaten ez den bitartean, argi dago Hegoaldean tradizio handia dutela handik bost urtera edo handik bost kilometrora bezalako egiturek. Gomendio edo araurik ematen ez den arte, beraz, guztiz zilegi da horrelakoak erabiltzea.


Sakondu nahi baduzue, hemen daukazue esteka interesgarri bat: «Zenbat euroan» / «Zenbat eurotan» ; «25 graduan» / «25 gradutan» (Alfontso Mujika)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina