Huts izenondoak oso erabilera desberdinak izan ditzake. Alde batetik, beste edozein izenondo bezala erabil daiteke, testuinguruaren arabera esangura desberdinak har ditzakeelarik. Hona hemen zenbait adibide:
Nik kafe HUTSa hartzen dut.
Hau ez da lurrina, alkohol HUTSa baizik.
Zertarako behar duzu botila HUTS hori?
Poltsa HUTS hori zurea da?
Hala ere, zenbaitetan, izenondoekin erabiltzen da balio enfatikoarekin, oso, guztiz edota izugarri maila-adberbioen antzeko esangura hartzen duelarik orduan. Adibidez:
Xabier on HUTSa da, ezta?
Horri ez esan, alfer HUTSa da eta.
Andoni gezurti HUTSa da.
Beste zenbaitetan, hauetan ere balio enfatikoarekin, izen batekin erabiltzen da, «besterik ez, baino ez» esapideen esangura hartzen duelarik. Adibidez:
Mikel nerbio HUTSA da.
Hori gezur HUTSA da.
Izenondo hau aditz-izenarekin ere erabil daiteke. Adibidez:
IkusTE HUTSarekin igarri zion zer zeukan.
Bere ahotsa entzuTE HUTSak itzelezko poza eman dit.
Nahi izaTE HUTSak ez du ezertarako balio.
Bestalde, huts izen gisa ere erabil daiteke, «zero», «materia hutsa» edo «ezereza» adierazten duelarik orduan. Adibidez:
HUTSean (ezerezean) geratu da dena.
Unibertso osoa HUTSetik sortu omen zen.
Nola geratu dira azkenean? Hiru eta HUTS.
Azkenik, huts hainbat esapide eginetan ere aurki dezakegu. Adibidez:
Esku-HUTSIK etorri naiz.
Zer egiten duzu OINUTSIK dagoen hotzarekin?
Sekulako hotza egin arren, MAKUTSIK (mahuka-hutsik) atera da.
Penalti bat HUTS EGIN dute, eta HUSNA geratu dira.
HUTS EGIN dut gaur goizean.
Eta HUSKERIA horregatik haserretu dira?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina