SIGLAK

Siglak zelan idatzi, galdera ona. Askotan erabiltzen ditugu, baina ez daukagu argi ez zelan idatzi, ez zelan erabili euskaraz. Hemen badaukazue informazio apur bat: 

1. Letra larriz, letrakera arruntez eta punturik gabe idazten dira siglak; baita izen osoa letra etzanez idatzi beharreko izenen siglak ere.
EAE, HPS, HABE, AEK, EHU, EUTG, MCC, ELA, LAB, UGT, BBK, BBVA, BEZ, CD, DVD…
Orduan hasi zen EGLU argitaratzen: alegia, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak.

Bada, ordea, salbuespenik:
1. Erabiliaren erabiliz izen arrunt bihurtu direlako letra xehez idazten direnak: adibidez, radar (radio detecting and ranging).
2. Letra xehez ere idatzi ohi den zenbait sigla eta akronimo: UNESCO/Unesco, RENFE/Renfe, SEAT/Seat, ICONA/Icona…
3. Testu osoa letra larriz dagoenean (tituluetan eta), puntu eta
guzti idatz daitezke siglak: U.E.U./UEU LAGUNTZA
ESKE, A.E.B./AEB KINKA LARRIAN…


2. Siglak laburbiltzen duen izena osorik adierazten da testu bakoitzeko lehen agerraldian, irakurlearentzat oso sigla ezaguna denean izan ezik.
EAE (Euskal Autonomia Erkidegoa) aipatu ondoren, EUTG (Estudios Universitarios y Técnicos de Gipuzkoa) eta MCC (Mondragón Corporación Cooperativa) goraipatu zituen atzerritarrak.
Europar Batasuna (EB) eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) elkar zaintzen ari dira.
OEH (Orotariko Euskal Hiztegia) lagungarri ona da EGAtik gorako agiria eskuratzeko.
Aldizkarien sailean, begiratu RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos) eta BRSVAP (Boletin de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del PaIis).


3. Deklinatzerakoan (eta ahoskatzerakoan), kontuan izan sigla batzuk letraka irakurtzen direla, eta beste batzuk, silabaka.
EHU (e-hatxe-u): Euskal Herriko Unibertsitatea EGA (e-ga): Euskararen Gaitasun Agiria Oharra:
Bada zati bat letraka eta bestea silabaka irakurtzen den siglarik ere: PSOE (pe-so-e).


4. Sigla eta deklinabide-atzizkia marratxorik gabe batzen dira, salbu eta siglaren azken letra berberaz hasten denean atzizkia ere.
UEUn, hizlarietako batzuk ETBko kazetariak dira; beste batzuk, berriz, EHUtik joandako irakasleak.
BBK-k adierazi du AEK-ko ikasleek gogotik eskertu dutela BBKren dirulaguntza.

Oharrak:

1. Siglaren azken letra R gogorra denean, ez da “r” errepikatu behar lotura egiteko. Beti ere, atzizkiaren berezko “r”ari eutsi egin behar zaio.
ELKARen lana goraipatu du RPRko diputatu ohiak.
RPR-ren izenean dator.

2. Testu osoa letra larriz dagoenean, hona aukerak: U.Z.E.I.REN GUNE BERRIA / UZEI-REN GUNE BERRIA

5. Deklinatzerakoan, izen berezitzat hartzen da sigla, eta leku izen bereziak bezala deklinatzen, izen arrunt gisako siglak izan ezik.
EUDELeko arduradunak AEBra joan dira, Renoko agintariei-eta hemengo udalen berri ematera.
EUTGko irakasle asko Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiak dira.

Oharra:

Sigla batek izen bereko hainbat subjektu baldin baditu, orduan sigla hori pluralean deklinatuko da hala dagokionean. Horixe da, esate baterako, EKT (Euskal Kultura Taldea) siglaren kasua, honako adibide honetan ikus daitekeenez:
Ahozkotasuna ikertzen ari dira Durangoko EKTn eta Gipuzkoako EKTetan.

6. Izen arrunt gisako siglak, ordea, hitz arruntak bezalaxe deklinatuko dira.
Sail horretakoak dira NA (Nortasun Agiri), BEZ (Balio Erantsiaren Zerga), CD (Compact Disc), PC (Personal Computer), GKE (Gobernuz Kanpoko Erakunde) eta abar, eta baita hiztegi berezietako DM (datu mota), DMA (Datu Mota Abstraktu) eta beste asko ere.
Non grabatu duzu CDa?
Nork itzali ditu PCak?
Zenbat ordaindu duzu BEZa?
Esan berriro zure NA-aren zenbakia.
Bihar hastekoa da GKE-en biltzarra.
Dakizunez, datu mota (DM) guztiak ez dira datu mota abstraktuak (DMA); beraz, ongi bereizi behar dira DMak. Esaterako, DM hori DMA bat da, oso ugariak baitira DMak eta DMA-ak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina